Thursday, March 03, 2011

Betebeharrezko Otoitz Luzea




“Jakin ezazu betebeharrezko otoitzen hitz eta mugimendu bakoitzean hitzek eta izkribuek ezin edukiriko eta gizakiak ezin ulerturiko jakituria, misterioak eta zeharkako aipamenak daudela.” —‘Abdu’l-Bahá, Prayers, Meditation and the Devotional Attitude



Otoitz hau errezitatu nahi duenak, zutik jarrita, Jainkoarengana zuzendu dadila eta bere lekuan dagoen bitartean burua eskubira eta ezkerrera buelta dezala, bere Jaun Errukiorren eta Gupidatsuenaren errukiaren zain balego bezala. Ondoren honako hitz hauek esango ditu:

Izen guztietako Jauna eta zeruetako Egile zarena! Arren dagizut Zure muin ikustezin goretsien eta aintzaguztidunaren goiztiriak direnen Haiengatik, nire otoitza su eta argi bilaka dezazula, Zure edertasunetik urrundu nauten errezelak suntsituko dituen sua eta Zure presentziaren itsasorantz gidatuko nauen argia.

Ondoren Jainko bedeinkatua eta goretsiarenganari erregututa, eskuak altxa eta esan:

Munduko Guraria eta nazioen maite kutuna zaren Hori! Zuganantz itzulita ikusten nauzu, Zu ez zaren beste inorekiko loturarik gabe eta Zure lokarria atxikiz zeinen mugimenduak lurbira osoa kantitu du. Zure zerbitzari nauzu, ene jauna, eta Zure zerbitzariaren umea. Hemen nauzu Zure nahia eta borondatea betetzeko prest, Zure atseginaren irrikaz. Zure errukiaren itsasoarengatik eta Zure graziaren eguzkiarengatik arren dagizut, Zure birindatea eta nahiaren arabera joka dezazula Zure zerbitzariarekin. Gorepen eta aipamen guztien gainetik dagoen Zure ahalarengatik! Zeuk agertutako guztia da nire bihotzeko desira eta nire arimaren kutuna, Ene jainkoa, ene Jainkoa! Ez itzazu gogoan hartu nire itxaropenak, ezta nire egintzak ere, zeru-lurra besarkatu dituen Zure borondatea baizik. Zure Izenik Handienarengatik, nazio guztien Jauna zaren Hori! Zure desira desiratzen dut eta zuk maite duzuna baino ez dut maite.

Belaunikatu, bekokia lurreraino makurtu eta esan:

Goraldua zara Zu ez beste inoren deskribapenaren gainetik eta Zu ez beste inoren ulermenaren gainetik.

Zutitu eta esan:
Ene Jauna, nire otoitza ur bizien iturri bihur ezazu, ur horien bitartez Zure subiranotasuna irauten duen haina bizi ahal dezadan eta Zure mundu guztietan eta bakoitzean Zure aipamena egin ahal dezadan.

Altxatu eskuak erregua adierazteko eta esan:

Oi Zu! Zugandik berezitako bihotzak eta arimak suntsitu egin dira eta Zure maitasunaren suaz mundu osoa garretan jarri da! Kreazio osoa liluratu duen Zure izenarengatik arren dagizut, Zuri dagokizuna ez diezaidazula kendu, gizaki guztien errege zaren Hori! Ene Jauna! Arrotz hau ikusten duzu Zure esparruen barruan eta Zure maiestatearen errezelaren azpian duen egoitzarik goretsienera lasterka; hausle hau, Zure barkamenaren itsasoaren irrikaz; izaki apal hau, Zure aintzazko gortearen grinaz, eta sorkari txiro hau, Zure aberastasunaren distiraren bila. Zure borondatea den guztia agintzeko eskua duzu Zuk. Aitortzen dut Zure egintzengatik gurtua izan behar duzula, Zure manamenduak obeditu behar direla eta agintzeko aske iraun behar duzula. 


Eskuak hiru aldiz altxatu eta Izenik Handiena (Alláh'u'Abhá) errepikatu. Ondoren, eskuak belaunetan jarri eta bedeinkatua eta goraldua den Jainkoaren aurrean makurtuta esan:


Zeuk ikusten duzu, ene Jainkoa, Zu gurtzeko grinak eta Zu gogoratzeko eta goraipatzeko irrikak nire gorputzadar eta gorpuzkietan nire espiritua kantitu dutela eta Zure aginduaren mihiak Zure mintzamenaren erreinuan eta Zure ezagueraren zeruan adierazi duenaren lekukoa dela. Egoera honetan Zuri dagokizun guztia eskatu nahi dizut, ene Jainkoa, nire txirotasuna azaltzeko eta Zure eskuzabaltasuna eta aberastasuna goresteko, nire ezintasuna aitortzeko eta Zure indarra eta ahaltasuna agertzeko.


Ondoren zutitu eta, erregutuz, bi aldiz ekuak altxatu eta esan:

Ez dago Zu ez beste Jainkorik, Ahalguztiduna, Guztiz Emankorra. Ez dago Zu ez beste Jainkorik, hasieran zein amaieran agintzen duzuna. Ene Jainkoa, ene Jainkoa! Zure barkamenak bizkortu nau eta Zure errukiak indartu nau; Zure deiak iratzarri nau eta Zure dohainak altxatu eta Zuregana eraman nau. Horrela ez balitz nola ausartuko nintzatekeen Zure hurbiltasunaren hiriko atean egoten, edota Zure borondatearen zeruan distiratzen duten argiei so egiten? Ene Jauna, zoritxarreko sorkari hau Zure dohainaren ate joka ikusten duzu eta arima suntsikor hau Zure esku emankorren betirauneko bizitzaren ibaiaren bila. Garai guztietan Zeurea da agintea, izen guztien Jauna zaren Hori! eta neurea da etsipena eta Zure borondatearekiko borondatezko esanekotasuna, zeruetako kreatzaile hori!


Orduan eskuak hiru aldiz altxatu eta esan:


Handien artean Handiena da Jainkoa!


Ondoren belaunikatu, bekokia lurreraino makurtu eta esan:


Jasoegia zara Zu Zugandik gertu daudenen gorespena Zure hurbiltasuneko zerura igo dadin edota Zuri eskainitak daudenen bihotzen txoriak Zure atearen sarrerara iritsi daitezen. Ezaugarri guztien gainetik santutua eta izen guztien gainetik sagaratua izan zarela aitortzen dut. Ez dago Zu ez beste Jainkorik, Goralduena, Aintzaguztiduna.


Ondoren eseri eta esan:

Sorturiko guztiak, zeruko Elkarteak, Paradisu goreneko biztanleek eta, haratago, Handitasunaren mihiak ortzemuga aintzaguztidunatik aitortu dutena aitortzen dut: Zu zarela Jainkoa; Zu ez beste Jainkorik ez dagoela, eta azaldu dena ezkututako Misterioa, i, z, a eta n hizkiak elkartu eta lotu dituen Gordetako Ikurra dela. Aitortzen dut Bera, zeinen izena Gorenaren Lumak idatzi eta Jainkoaren Liburuetan aipatu  duen, zeru-lurreko tronuaren Jauna dela.


Ondoren zutitu eta esan:


Den guztiaren Jauna eta ikusgai zein ikusezina direnen Edukitzaile Hori! Isurtzen ditudan malkoak eta hasperenak ikusten dituzu; nire ahuena, zotina eta bihotzeko arrangura entzun dituzu. Zure ahalarengatik! Ene urratzeek Zuganako hurbiltasuna eragotzi didate eta nire bekatuek Zure santutasunezko gortetik urrun eduki naute. Ene Jauna, Zure maitasunak aberastu nau, Zugandiko banantzeak hondatu nau eta Zugandiko urruntzeak suntsitu nau. Basamortu honetan eman dituzun urratsengatik eta eremu latz honetan Zure Aukeratuek: "hemen nauzu, hemen nauzu" esandako hitzengatik. Zure agerkundearen haize leunengatik eta Zure Agerreraren egunsentiaren haize gozoengatik arren dagizut Zure edertasuna ikus dezadan eta Zure liburuan dagoen guztia bete ahal dezadan agindu dezazula.


Izenik Handiena (Alláh'u'Abhá) hiru aldiz esan, eskuak belaunetan jarri eta esan:


Goraldua izan zaitez, ene Jainkoa, lagundu baitidazu Zu gogoratzen eta goraltzen, Zure ezaugarrien Goiztiria ezagutzen, Zure Jauntasunaren aurrean makurtzen eta Zure Handitasunaren Mihiak esandakoa igartzen.


Ondoren zutitu eta esan:


Ene Jainkoa, ene Jainkoa! Nire bekatuen zamak bizkarra makurtu dit eta nire zabarkeriak suntsitu nau. Zure onginahiaz eta nire gaiztakeriaz ohartzen naizen bakoitzean bihotza nire baitan suntsitzen zait eta odola zainetan irakiten jartzen zait. Zure edertasunarengatik munduko guraria zaren Hori! Zuganantz altxatzen naizenean arpegia lotsaz gorritzen zait eta Zure eskuzabaltasunaren zerura luzatzen direnean ahalketu egiten dira nire esku irrikatsuak. Nire malkoek Zure oroitza eta Zure bertuteen goraipamena galerazten didatelarik ikusten nauzu, ene jainkoa! Zeru-lurreko tronuaren Jauna zaren Hori! Zure erreinuaren ikurrengatik eta Zure jabetzen misterioengatik arren dagizut, izandunen Jaun Hori! Zure eskuzabaltasunari eta Zure dohainen duintasunari dagokien eraz joka dezazula Zure maitatuekin, ikusgai nahiz ikusezinen Errege Hori!


Izenik Handiena hiru aldiz errepikatu, belaunikatu eta bekokia lurrean jarrita esan:


Goraldua izan zaitez gure Jainkoa, Zuregana hurbiltzen gaituena bidali diguzulako eta Zure Liburuetan eta idaztietan on den guztiaz hornitu gaituzulako. Arren dagizut, ene Jauna! alferreko ameskerietatik eta begitazio hutsetatik babes gaitzazun. Zu zara, benetan, Ahaltsua, Orojakituna.


Burua altxatu, eseri eta esan:


Zure aukeratuek aitortu dutena aitortzen dut, ene Jainkoa, eta onartzen dut Paradisu goreneko biztanleek eta Zure tronu ahaltsuaren inguruan ibili direnek onartu dutena: Zeru-lurreko erreinuak Zureak dira, Munduetako Jaun Hori!


(Bahá'u'lláh)

0 comentarios: